Euskal Lankidetza ez da iristen

Errekorra diru-bilketan, eta zertarako?

Albiste onekin hasi dugu 2018a. Komunikabide guztietako titularretan azaldu denez, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru-ogasunek 14.473 milioi euro bildu dituzte 2017an, aurreikusi baino ia 1.000 milioi gehiago, eta Nafarroakoak 3.682 milioi, aurreko urtean baino % 13 gehiago. Orain arte inoiz bildutako zenbatekorik handienak dira, eta beraz, EAEko eta Nafarroako erakundeek ez dute inoiz hainbeste baliabide izan.

Lurraldez lurralde

Bizkaian bildu dute EAEko zenbateko osoaren erdia baino gehiago. Lurralde horretan, 2017ko ekitaldia 7.500 milioi euroko bilketarekin itxiko da, aurreko urtean baino % 11,7 gehiago (785 milioi euro gehiago) bildu ondoren.

Arabako Ogasunak izan du bilakaerarik onena aurreko urteko datuekin alderatuta. Diru-bilketak % 13 egin du gora urtetik urtera, eta 2.303 milioi eskuratu ditu. Azkenik, Gipuzkoan 4.607 milioi eurora iritsi da diru-bilketa, % 11,3ko gorakadaren ondoren.

Era berean, Nafarroan ere 2017ko ekitaldia nabarmen hobea izan da, diru-bilketa % 13,3 hazi eta 3.682 milioi eurokoa izan baita.

Zertarako?

Hala ere, 2018rako aurrekontuei erreparatuta, gure erakunde publiko nagusien artean bik bakarrik betetzen dute garapenerako lankidetzari dagokion ehunekoa, legez jasota dagoena: Gasteizko Udalak bere aurrekontuaren % 0,8 bideratuko du xede horretara eta Iruñekoak % 0,72.

Gainerako erakundeak ehuneko horietatik oso urrun daude. Nafarroako Gobernua da garapenerako lankidetzara gutxien bideratuko duena, % 0,27, hain zuzen. Eusko Jaurlaritzak, berriz, % 0,40 bideratuko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez. Foru Aldundiei dagokienez, Arabakoak % 0,31 emango du, Bizkaikoak % 0,40 eta Gipuzkoakoak % 0,55. Bilboko Udalak % 0,47 bideratuko du, eta Donostiakoak beste horrenbeste.

Afrikaren Alde taldeak 2018aren hasiera aprobetxatu nahi du egoera ahulenean diren herrialdeekiko dugun betebeharra gogorarazteko, kontuan izanda adierazleen eta aurreikuspenen arabera egoera ekonomikoak hobera egin duela eta, beraz, krisiaren aitzakiarik ez dugula. Eta betebeharra aipatu dugu; izan ere, EAEko erakundeen kasuan, Legebiltzarrak 2007ko otsailaren 22an onartu zuen 01/2007 Legea, Garapenerako Lankidetza arautzen duena, eta hitzez hitz dio: “Nahiz eta aurrera egin behar den, gainerako herri-administrazioekin batera, produktu gordinaren % 0,7 betetzeko bidean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak arian-arian gehituko ditu garapen-lankidetzarako eta nazioarteko elkartasunerako ekarpenak, 2012ko aurrekontu orokorretan ezarritako gastu osoaren % 0,7 izan daitezen”.

Hamaika urte beteko dira Lege hori onartu zenetik, baina agindutakoa betetzetik oso urruti gaude.

Afrika ahaztua

Nolanahi ere, Afrikan lan egiten dugun erakundeok urrats bat aurrera egin nahi dugu, eta, gure erakundeei aurrekontuen % 0,7 lankidetzara bideratzeko erabakia bete dezaten eskatzeaz gain, Afrikarako fondoak handitu beharra dagoela azpimarratzera gatoz.

2010 eta 2016. urteen arteko lankidetza-deialdien datuak aztertuta, Afrikara aurrekontuaren % 23 bakarrik bideratzen dela ikusi dugu; gainera, onartutako bi mila proiektu baino gehiagoren artean % 26k bakarrik du Afrika helburu.

Oso deigarria da hori, kontuan hartuta giza garapen apala duten 41 herrialdeetatik 35 Afrikakoak direla, NBGPren Garapen Programaren 2016ko Giza Garapenari buruzko txostenaren arabera, eta EAEko Lankidetzarako Legeak berak lehenetsi egiten dituela pobrezia handieneko ingurune geografikoetako esku-hartzeak.

Bukatzeko, gure erakundeei dei egin nahi diegu, diru-bilketaren aparteko emaitzak nora bideratu erabakitzeko orduan kontuan izan ditzaten, inoiz baino gehiago, Afrika eta hango jendea.

Hori dela eta, gure proposamenen artean daude Afrikako egoeraren gaineko ezagutza sustatzea, kontinentean lankidetza aurrera eramateko ildo estrategikoak diseinatzea, administrazio publikoen araudiak eta tresnak Afrikako egoera sozial, politiko eta ekonomikora egokitzea, eta egoera ahulenean diren herrialdeekiko lankidetza aintzat hartuko duen sistema ezartzea fondoak esleitzeko.

Grupo ProAfrica, Afrikaren Alde. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan lan egiten dugun 17 GKEk osatzen dugu taldea, eta gure interesgunea Afrika da batez ere. https://grupoproafrica.wordpress.com/

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s