Edateko ura eta saneamendua eskuragarri izatea: konpondu gabeko arazoa Afrikan

Ingurumen eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Konferentziak 1992an Rio de Janeiron onartutako Agenda 21 programak honako hau  jasotzen du 18. kapitulu luzean: “edateko uraren kalitatea eta hornidura babestea eta ur-baliabideak aprobetxatu, antolatu eta erabiltzeko  irizpide bateratuak aplikatzea”. Gomendio eta programa horien ildotik, 1992ko abenduaren 22an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak martxoaren 22a Uraren Munduko Egun izendatzeko eta urtero ospatzeko erabakia hartu zuen. Hortaz, tokian tokiko, nazioko eta nazioarteko mailan sentsibilizatzeko ekintzak sustatzera gonbidatu zituen estatuak. 2018. urtean, 25 urte beteko dira Uraren Munduko lehen Eguna ospatu zenetik. Harrez geroztik, Egun bakoitzak uraren problematikari lotutako gai zehatz bat izan du ardatz, eta, aurten, hondakin-uren berrerabilera izan da.

Motz geratuko gara beti uraren eskuragarritasunak garapen jasangarria lortzeko duen garrantzia azpimarratzean. Horregatik, 2010eko uztailaren 28an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak esplizituki aitortu zuen “ura eta saneamendua eskuragarri edukitzeko giza eskubidea”, eta edateko ur garbia eta saneamendua giza eskubide guztiak gauzatzeko funtsezkoak direla berretsi zuen. Ildo horretan, Nazio Batuek 2015eko irailean onartutako Agenda 2030 programan, honako konpromiso hau hartu zen Garapen Jasangarriaren 6. Helburuari dagokionez: “uraren eskuragarritasuna eta kudeaketa jasangarria eta guztion saneamendua bermatzea”.

en 18 paises de Africa

Azken hamarkada hauetan aurrerapen handiak egin badira ere, oraindik 1.800 milioi pertsona inguruk ur-iturri kutsatuak erabiltzen dituzte, eta 2.400 milioi inguruk ez dute oinarrizko saneamendu-zerbitzurik (komunak, adibidez). Mota horretako gabeziarik handienak dituzten eremuetako bat Saharaz Hegoaldeko Afrika da. Bertan, 783 milioi pertsona bizi dira, eta % 40k oraindik ez du edateko ur-iturri hobetu bat ere  eskuragarri. Gainera, kalkulatutakoaren arabera, 2020. urterako 220 milioi pertsonak egin beharko diote aurre ur-urritasunari, batez ere Sahelgo zerrendan. Izan ere, eremu horretan basamortuak aurrera egiten du urtez urte, eta arriskuan jartzen ditu nekazaritzan eta abeltzaintzan diharduten landa-familia ugariren bizimodu tradizionalak. Bilakaera horrek ondorio negatibo asko eta asko dakartza, African Draught Monitor izenekoaren arabera: elikadura-segurtasunik eza, malnutrizioa, higiene- eta osasun-defizitak, gaixotasunak eta abar. Azken batean, bertako biztanleen migrazio eta deserrotzearen arrazoi nagusietako bat da. Nazio Batuen Gai Ekonomiko eta Sozialetarako Sailaren arabera, 115 afrikar hiltzen dira orduan saneamendu desegokiari, higiene urriari edo ur kutsatuari lotutako gaixotasunen ondorioz.

 

Bestalde, urarekin zerikusia duen guztiak genero-inpaktua dauka, eta oso eragin negatiboa du emakumeengan eta neskengan. Uraren urritasunak ekitatearen narriadura ekarri ohi du gizarte horietan, emakumeak eta neskak arduratu ohi baitira janarirako eta higienerako ura lortzeaz. OMEren arabera, ura biltzeko denborak eguneko 30 minutu izan beharko luke gehienez. Emakume askok, ordea, orduak eman behar dituzte ilaretan edo urrun dauden iturrietara joaten, eta horrek, osotasun fisikoa arriskuan jartzeaz gain, denboraren zati handi bat kentzen die emakumeei. Hori dela eta, emakumeek ezin dute aurrera egin etxeko eremutik kanpo dituzten interes estrategikoen garapenean, eta neskek zailtasun handiak dituzte eskolatzeko. Horri dagokionez, gainera, ikastetxeetan komun egokirik ez izatea oztoporik garrantzitsuenetako bat da neskek pubertarora iritsi ondoren eskolan jarraitzeko. UNICEF erakundea hainbat herrialdetan (Somalian eta Tanzanian, adibidez) menstruazioak eskola-errendimenduan duen eraginari buruzko azterlanak bultzatzen ari da. Ildo horretan, Ugandan ikusi denez, eskola uzten duten nesken kopuruak behera egin du nabarmen neskentzat komun bereiziak jarri dituzten ikastetxeetan, eta esperientzia hori Afrikako egungo errealitaterako jardun-ildo egokia dela dirudi.

 

Ikus daitekeenez, ura eta saneamendua eskuragarri izatea beharrezkoa da pertsonaren eskubiderik oinarrizkoenetako batzuk babesteko eta baliatzeko. Egoera horren aurrean, gehitu egin behar dira helburu hori lortzeko baliabideak. Herrialdeen % 80k (ia denak garapen-bidean daudenak), ordea, ez dute aurrekontu-baliabide nahikorik edateko uraren, saneamenduaren eta higienearen eskuragarritasun unibertsala ahalbidetzeko. Beharrezkoa da, beraz, Garapenerako Laguntza Ofizialak ahalegin gehigarria egitea esparru horretan. ELGEren datuen arabera, Garapenerako Laguntza Ofizialak garapen-bidean dauden herrialdeetara 2016an bideratutako funts guztien % 3,7 baino ez zen erabili ur-hornidura eta saneamendua hobetzeko. Espainiaren kasuan, ehuneko hori nazioarteko lankidetzara bideratutako funtsen % 0,6ra iritsi zen. Hori guztia dela eta, Uraren Munduko Egunean, Euskadiko eta Nafarroako hainbat GGKE biltzen dituen Afrikaren Alde Taldeak dei egiten die Euskadiko eta Nafarroako lankidetza deszentralizatuaren emaile nagusiei, Garapen Jasangarriaren 6. Helburua lortzeko ahalegina egin dezaten, eta ura eskuragarri izateko proiektuei eta, geografikoki, Afrikari lehentasuna eman diezaieten.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s