Posible al da paludismoa desagerraraztea?

Garapen iraunkorrerako munduko agendan jasota dauden osasun arloko helburuen artean, gaixotasun tropikal batzuk eta pandemia handiak desagerraraztea aipatzen da. Tuberkulosia, hiesa eta ahaztutako beste gaixotasun batzuk 2030erako desagerraraztea da 3. helburua, eta horren barruan dago malaria edo paludismoa desagerrarazteko egitasmoa ere.

Paludismoa gizateria bezain zaharra da ia-ia; medikuntzari buruzko antzinako Txinako idatzietan ere azaltzen dira paludismoaren sintomak. Nolanahi ere, XX. mendearen hasieran aurkitu zituzten Anopheles eltxo emeak transmititzen dituen parasitoen lau barietateak. Plasmodium falciparum da paludismoaren parasitoen artean hilgarriena; Saharaz hegoaldeko Afrikan nagusi da eta 2016an zenbatetsitako paludismo kasuen % 99ren eragile. Afrikatik kanpo, Ameriketan P. vivax parasitoa da nagusi, paludismo kasuen % 64 eragiten du, % 30etik gora Asia hego-ekialdean eta % 40tik gora Mediterraneo ekialdean.

Hain aspaldikoak diren aurrekari historikoak ikusita, geure buruari galdetzen diogu: posible al da 2030erako paludismoa desagerraraztea?

Munduan, gero eta herrialde gehiago ari dira aurrera egiten gaixotasuna desagerrarazteko bidean: 2016an, 10.000 paludismo-kasuren baino gutxiagoren berri eman zuten herrialdeak 44 izan ziren, eta 2010ean, berriz, 37. Bi estatu, Kirgizistan eta Sri Lanka, paludismorik gabeko herrialde izendatu zituen OMEk 2016an. Gainera, 2020rako paludismoa desagerrarazteko moduan dauden 21 herrialde identifikatu zituen osasun-erakundeak 2016an. Dena den, herrialde horietako batzuk gaixotasuna desagerrarazteko bidean badira ere, 11 herrialdek jakinarazi dute 2015etik gora egin dutela tokian tokiko paludismo-kasuek; bost herrialdetan, halaber, 2015ean baino 100 kasutik gora gehiago antzeman dituzte 2016an.

Zenbat paludismo-kasu daude munduan?

2016an mundu osoko paludismo-kasuak 216 milioi inguru izan zirela kalkulatu dute, 2010ean 237 milioi eta 2015ean 211 milioi. 2016ko paludismo-kasu gehienak OMEren Afrikako eskualdean erregistratu zituzten (% 90), eta, jarraian, Asiako hego-ekialdekoan (% 7). Paludismo-kargaren % 80 15 herrialdek dute beren gain, guztiak Saharaz hegoaldeko Afrikakoak, India salbu.

Paludismoaren intzidentzia-tasa zenbatetsia % 18 jaitsi zen mundu-mailan 2010. eta 2016. urteen artean, hau da, 1.000 biztanletik 76 gaixotzetik 63 kasu izatera igaro ginen. Beherakadarik handiena Asia hego-ekialdeko eskualdean izan zen (% 48), gero Ameriketakoan (% 22) eta ondoren Afrikakoan (% 20).

Paludismoak eragindako heriotza-tasak gaixotasunaren banaketa geografikoaren patroi berbera du. 2015 eta 2016 artean 445.000 heriotza inguru eragin zituen munduan, horietatik % 91 Afrikan eta % 6 Asia hego-ekialdean.

2016ko datuak 2010ekoekin alderatuz gero, hilkortasunak eskualde guztietan egin zuen behera, Mediterraneo ekialdeko eskualdean izan ezik; ingurune horretan heriotza-tasek ez dute ia aldaketarik izan aipatutako urteetan.

Zer neurri hartu behar dira gaixotasuna desager dadin?

Mundu-mailan garrantzitsuak diren gaixotasunen artetik paludismoa desagerrarazteko, funtsezko hiru gako daude: diagnostikoa azkar jakitea, gaixoek tratamendua eskuragarri izatea eta eltxoaren ziztadei aurrea hartzea kimioprofilaxiaren bidez edo eltxo-sareak erabilita, bektoreak desagerraraziz.

Zenbatetsi dutenez, artemisinina oinarri duen terapia konbinatuko 409 milioi tratamendu inguru erosi zituzten herrialdeek 2016an, 2015ean erositako 311 milioi tratamenduak gaindituta. Gainera, jakinarazi dutenez, tratamendu horien % 69 baino gehiago sektore publikoak erosi zituen.

2014 eta 2016 bitartean, intsektizidarekin tratatutako 582 milioi eltxo-sare banatu ziren mundu osoan, fabrikatzaileen arabera. Horietatik guztietatik 505 milioi Saharaz hegoaldeko Afrikan banatu zituzten; aurreko hiru urteetan (2011-2013), berriz, 301 milioi sare banatu ziren. Intsektizidarekin tratatutako eltxo-sareen %  75 banaketa masiboko kanpainen bidez banatu zituzten.

Zenbateko inbertsioa bideratzen da paludismora?

2016an, paludismo endemikoa zuten herrialdeek eta nazioarteko bazkideek 2,7 mila milioi US dolar inguru inbertitu zituzten gaixotasuna kontrolatzeko eta mundu mailan desagerrarazteko bitartekoetan.

Baliabide gehienak (% 74) OMEren Afrikako eskualdean inbertitu zituzten, ondoren Asia hego-ekialdean (% 7), Mediterraneo ekialdean (% 6), Ameriketako eskualdean (% 6) eta Ozeano Bareko mendebaldekoan (% 4). 2016an, baliabide horien erdia baino gehiago (% 57) Hiesaren, Tuberkulosiaren eta Paludismoaren aurkako Borrokarako Munduko Funtsaren bidez bideratu ziren.

Zer erronka ditugu aurrean paludismorik gabeko mundua lortzeko?

Herrialdeek oztopoak dituzte gaixotasuna desagerrarazteko bide egokiari eusteko, horien artean honako hauek: ez dute nazioarteko eta estatuko finantzaketa iraunkorrik eta aurreikusitakorik; paludismo endemikoa pairatzen duten inguruneetako gatazkek arriskuak dakartzate; klima-patroiak ezohikoak dira; paludismoaren aurkako botiken aurrean parasitoek erresistentzia erakusten hasi dira; eltxoek intsektizidekiko erresistentzia dute.

Botika askoren aurrean gaixotasunak erresistentzia erakutsi duela antzeman bada ere —tartean artemisininekiko eta horiei lotutako botikekiko erresistentzia partziala—, Mekong Handiaren azpieskualdeko bost herrialdetan masiboki gutxitu da paludismo kasuen eta heriotzen kopurua. Paludismoaren aurkako botiken eraginkortasuna monitorizatu dute eta, horri esker, azpieskualdeko tratamendu-politikak azkar eguneratu dituzte. Afrikan, orain arte, ez da antzeman artemisininarekiko inongo erresistentziarik (erresistentzia partzialik).

Paludismo endemikoa pairatu eta 2010etik 2016ra bitarteko datuak eman zituzten 76 herrialdeetatik 61etan erresistentzia antzeman zuten intsektizida baten edo gehiagoren aurrean, aztertutako gune bateko paludismo-bektore baten aldetik. 50 herrialdetan bi intsektizida-motaren edo gehiagoren aurrean erresistentzia antzeman zutela jakinarazi zuten.

Piretroideekiko erresistentzia oso zabalduta dago. Gaur egun intsektizida-mota hori bakarrik erabiltzen da eltxo-sareak tratatzeko. Piretroideen aurreko erresistentziaren egiaztatutako prebalentzia ez zen neurri berekoa izan eskualde guztietan: OMEren Afrikako eta Mediterraneo ekialdeko eskualdeetan handiagoa izan zen. Bertan, aztertutako guneetatik bi herenetan baino gehiagotan antzeman zuten erresistentzia hori paludismo-bektoreetan.

Intsektizidekin tratatutako eltxo-sareak paludismoa kontrolatzeko baliabide oso eraginkorra dira oraindik ere, baita eltxoek piretroideekiko erresistentzia garatu duten inguruneetan ere. Hori agerian gelditu zen 2011. eta 2016. urteen artean 5 herrialdetan egindako ebaluazio-azterketa handi batean. OMEk koordinatu zuen lan horretan, paludismo gaixotasun-kargaren eta piretroideekiko erresistentziaren arteko loturaren frogarik ez zuten aurkitu aztergai izan ziren guneetan.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s