Gatazketan Sexu Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna

2015eko ekainean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak “Gatazketan Sexu Indarkeria (GSI) Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna” izendatu zuen ekainaren 19a, helburu honekin: GSIa desagerrarazteko, biktimak eta bizirik atera direnak ondratzeko eta delitu horien aurka borroka egin eta hargatik bizia galdu dutenak omentzeko beharraz kontzientziatzea. Data hori hautatu zen 2008ko ekainaren 19an onartu zelako Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 1820. ebazpena; xedapen hartan aitortu zen lehen aldiz sexu-indarkeria gerra-taktika gisa eta identifikatu zen hura bakea sendotzeko oztopo gisa[1].

2010eko abenduan, 1960. ebazpenak, besteak beste, honela definitu zuen GSIa: bortxaketa, sexu-esklabotza, prostituzioa, behartutako haurdunaldiak eta antzutzeak edo antzeko larritasuna duen sexu-indarkeriaren beste edozein era, emakumezkoen, gizonezkoen edo haurren kontra egiten dena gatazka-egoeretan edo gatazken ondoren, edo kezkatzeko modukoak diren beste egoera batzuetan (adibidez, liskar politiko batean) eta gatazkarekin edo liskar politikoarekin zuzeneko edo zeharkako lotura duten egoeretan (lotura tenporala, geografikoa edo kausala[2]). Dokumentu hartan, GSIari buruzko txostenak gainbegiratzeko, aztertzeko eta aurkezteko xedapen estandarizatu batzuk ere finkatu ziren[3].

“Stop Rape Now” (stoprapenow.org) Nazio Batuek GSIaren kontra duten ekimena da. Nazio Batuen 13 entitateren sare bat da, eta gaitz hori desagerraraztea du helburu[4].

Sexu-indarkeria gerra-armatzat jotzen da egileek indarkeriaren ekintzan plazer sexuala baino gehiago bilatzen badute; hots, helburu askoz suntsitzaileago bat bilatzen badute: komunitate, etnia edo herri oso bati autoritatea inposatzeko, hura umiliatzeko, izutzeko, zapaltzeko, suntsitzeko eta garaitzeko modu bat da.

GSIa emakumeek eta neskatoek pairatzen dute gehien. Caddy Adzubai kazetari eta aktibista kongoarraren hitzetan (2014ko Konkordiaren Asturiaseko Printzea sariduna), “emakumearen gorputza gudu-zelai bihurtu da; masa-suntsipeneko arma bat da”.

Batzuetan, GSIaren egileek, batetik, bizi berri bat sortzeko gaitasuna suntsitzen dute —objektuak sartzen dituzte emakumearen baginan haren aparatu genitala suntsitzeko, haiek bizirik baina antzu gera daitezen—, bai eta biktimaren psikologia ere. Eta, bestetik, etsai duten etnia edo kultur taldea umiliatzen dute, dela jarraitutasunik izango ez duela bermatzeko (emakumeak antzutuz), dela nahi ez diren haurdunaldiak inposatzeko, bagina erabat suntsitzea lortu ez bada. Bortxaketa arma gisa erabiltzen da talde etsaien populazioa edo komunitate susmagarriak izutzeko eta desmoralizatzeko. “Ordainsari gehigarri” gisa ere jotzen dute talde armatuek. Batzuetan, taldean bortxatzen da, eta emakume asko behin baino gehiagotan izan dira bortxatuak. Aberrazio horiek, batzuetan, jendaurrean egiten dira, hurbileko senideen aurrean, haurrak barne, eta, areago, familiako gizonak ere behartzen dira ekintzan parte hartzera; horri uko eginez gero, torturatu eta erail egiten dira. Emakume batzuk bahitu egiten dira, sexu-esklabo gisa jardun dezaten.

Estigma eta isiltasuna GSIaren logikaren zati integralak eta aliatuak dira, eta ondorio psikologiko, sozial eta mediko larriak dituzte bizirik ateratzen direnentzat, bai eta komunitate osoarentzat ere[5]. Biktimek aukera gutxi dute jasan dutenagatik justizia edo ordaina lortzeko, egitate horiek gertatzen diren herrialdeetan inpunitatea orokortuta baitago, ustelkeria baitago eta sistema judizialak ez baitu ondo funtzionatzen.

Historian zehar, hainbat eta hainbat liskar armatu eta kokapen geografikotan dokumentatu da sexu-indarkeria. Saharaz hegoaldeko Afrikan —Ruanda da kasurik ezagunena, eta funtsezkoa fenomeno horren aintzatespen globalean—, azken bi hamarkadetan, sexu-indarkeria gertatu da liskar gehienetan, hala nola Burundin, Txaden, Boli Kostan, Afrika Erdiko Errepublikan, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Kongoko Errepublikan, Etiopian, Liberian, Malin, Nigerian, Sierra Leonan, Somalian, Sudanen, Hego Sudanen eta Ugandan. Kongoko Errepublika Demokratikokoa kasu bereziki adierazgarria da, non, batez beste, 48 emakume eta neskato bortxatzen baitira orduero (egunean 1.152, gutxi gorabehera), eta, Iparraldeko Kivu-n —borroka ugari izan dira han—, 1.000 emakumetik 67 “gutxienez” behin bortxatuak izan dira[6].

GPAn, bat egiten dugu jarduera horiek salatzearekin eta haien amaiera eskatzearekin. Nazioarteko komunitateari eskatzen diogu egin ditzala eraginkor GSIaren kasuak dokumentatzeko eta ikertzeko mekanismoak, eta haien arduradunak auzipetu, epaitu eta zigortzekoak.

mapa 1

Iturriak: https://elordenmundial.com/2016/02/03/la-violencia-sexual-un-problema-de-guerra-y-paz/; https://www.huffingtonpost.com/2013/03/26/sexual-violence-in-conflict-index-2013_n_2956085.html?guccounter=1

mapa 2

 

Iturriak: https://elordenmundial.com/2016/02/03/la-violencia-sexual-un-problema-de-guerra-y-paz/; http://www.acleddata.com/wp-content/uploads/2015/03/ACLED-Conflict-Trends-Report-No.35-March-2015.pdf

 

[1] http://www.un.org/es/events/elimination-of-sexual-violence-in-conflict/index.shtml

[2] http://www.un.org/es/events/elimination-of-sexual-violence-in-conflict/background.shtml

[3] http://www.endvawnow.org/es/articles/1489-la-violencia-sexual-en-los-conflictos.html

[4] http://www.stoprapenow.org/

[5] http://campusiecah.org/www/F/WEB/Documento20_PaulaLuzuriaga.pdf

[6] http://www.ncbi.nlm.nih.gov/pmc/articles/PMC3093289/

 

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s