Lurra Afrikako gizartearen espiritualtasunaren metafora bat da

Zer hobeto Lurraren Nazioarteko Eguna (apirilak 22) ospatzea baino, Lurraren, Amaren eta Afrikaren arteko lotura gogora ekartzeko, letra larriz idatzitako hiru hitz, indarrarekiko eta bizitzarekiko loturaz banaezinak direnak. Afrikak jaiotzen ikusi gintuen. Afrika, Ama Kontinentea dugu. Bertan dago gizadiaren jatorria.

Afrika da, zalantzarik gabe, baliabide natural gehien dituen kontinentea. Afrikako aberastasuna bere lurzoruan dago (munduko lur ekoizkorren % 24 izanik, nekazaritza-ekoizpenaren % 9 baino ez du suposatzen) eta, batez ere, bere lurpean (munduko erreserba mineralen herena). Hala ere, aberastasun horiek, egia esan, madarikazio bat dira, Afrikako herrialdeak astintzen dituena; izan ere, askotan, krisiak eta tentsioak eragin izan dituzte aberastasun horiek kontrolatzeko nahia dela eta.

Afrika osoan, azken hamarkadetan gertatu diren aldaketa sozial, ekonomiko eta geopolitikoek, eraldaketa sakona ekarri dute lurraren eta baliabide naturalen erabileran. Hainbat motatako erabaki politikoek (nekazaritza, ekonomia, energia edota garapenaren alorrean) merkataritza-laboreen hedapen masiboa, baso-soiltze izugarria, meatzaritza-proiektuak, larre-galerak eta urbanizazioa ekarri dituzte eta, horrek, suposatu du komunitateen bizi-baldintzen zaurgarritasuna areagotzea, lurzorua basamortutzea, narriatzea eta biodibertsitatea galtzea. Egoera, berez, larria bada, Afrikari neurriz kanpo eragiten dion klima-aldaketaren ondorioen baturak areagotu egin ditu lehortea, basamortutzea eta muturreko fenomeno klimatikoak.

Populazioaren eta naturaren arteko oreka arriskuan dago.

Puntu kritiko horretan, konponbide jasangarrien bilaketari ekin beharra dago. Horretarako, ezinbestekoa da gizakiaren eta naturaren arteko harremanaz kontziente izatea eta tokiko komunitateen, gobernuen eta nazioarteko erakundeen arteko lankidetza sustatzea. Horrela, posible izango da herriak harmonian eta orekan bizitzeko behar dituen baldintzak bermatzea. Ama Lurraren, kosmosaren, bizitzaren eta historiaren zikloekin harmonian, eta existentzia-forma ororekin orekan.

«Ama Lurrak elikatzen gaitu, eusten gaitu, bizia ematen digu. Lurraren parte gara. Gure gorputza lurra da, ura, sua, haizea… natura da.»

Afrika, Ama Lurra

 Lurraren eta Afrikako kulturaren espiritualtasunaren arteko harreman hori ulertzeko, ahaztu egin behar da Mendebaldeak naturari buruz duen begirada. Begirada horren ikuspegia, askotan, materialista da, materiala baliabide multzo gisa ulertuta (ura, energia, petrolioa, gasa, mineralak, etab.), lurraren eta afrikarren arteko harremanari kontrajarrita, zeina historikoki sakona eta konplexua izan den. Herri honentzat, lurra eta natura dira arbasoengandik jasotako leku sakratua. Lurra profanatzeak, jainkozko sorkuntza hondatzea dakar. Lurrak, baliabide naturalak eta sostengua emateaz gain, lotura estua du tokiko komunitateen kulturarekin, identitatearekin eta bizimoduarekin

Afrikako ekologia eredu eta alternatiba da, ingurumenarekin «Bizitzen jakitea eta elkarrekin bizitzen jakitea» mezua ahaztu dugula dirudien une honetan.

GPAk, Lurraren Nazioarteko Egunaren inguruko data honetaz baliatu nahi da Lurraren, Amaren eta Afrikaren arteko lotura hori gogorarazteko eta, ingurumena, planeta eta gure ama natura zaintzen lagunduko duten ekintzak eta politikak eskatzeko.

Deja un comentario